Eguzki-krema “gaixotasunei aurrea hartzen dien produktu bat beste edozein botika bezain gai farmazeutikoa delako”, Espainiako Osasun Ministerioa leku publikoetan jarritako banatzaileen bitartez doan eskaintzeko aukera aztertzen ari da. Halaxe adierazi zuen atzo Mónica García Osasun ministroak berak komunikabideei egindako adierazpenetan.

“Gure ustez, eguzkitako kremak osasuna babesteko produktuak dira. Beti izan dugu hizpide melanomen intzidentzia, baita horien aplikagarritasuna ez ezik irisgarritasuna ere. Egoera jakin batzuetan aukera hori doakoa izan dadin aztertzen ari gara, izan ere, berriro esango dut, gaixotasunei aurrea hartzen dien zerbait beste edozein sendagai bezain produktu farmazeutikoa baita”, berretsi zuen ministroak. Inolaz ere, garbi adierazi zuen neurri hori ez dela uda honetarako onartuko, “ministerioetako gauzak mantso joaten direlako, batez ere zerbitzu-kopuruan igoerak dakar-tzatenean”.

Atzo La Razón-en aurreratu zuten neurri hori dagoeneko gauzatu da Europako zenbait herrialdetan. Esate baterako Herbehereetan, 2023ko ekainean hasi zuten kanpaina, leku publikoetan ipinitako banagailuen bitartez herritarrei eguzki-krema doan eskainiz, herrialde hartako azaleko minbizi-maila altuak murrizteko helburuarekin. Herbehereetan aukeratutako leku publikoak honako hauek dira: eskolak, parkeak, kirol instalazioak eta jaialdiak. “Gure osasun-sistema prebentzio-neurrietara bideratu behar dugu, baita beraien osasuna zaintzeko produktu jakin batzuen premia duten pazienteengana ere, hala nola eguzkitako kremak. Hemen ekitate falta nabarmena antzematen da, izan ere botikak finantza-tzen ari baikara, eta, aldiz, ez gara finantzatzen ari sarbiderik ez duten edo produktu batzuen patologiagatik aparteko beharra duten beste hainbat paziente, eta produktu horien artean leudeke eguzkitako kremak”, Garciaren esanetan.

preserbatiboak Bestalde, Garciak atzo iragarri zuenez, Osasun Sailak 10 milioi euro bideratuko ditu 2024an 16 eta 22 urte bitarteko gazteentzako preserbatiboak finantzatzeko, Estatuan antzeman den sexu-transmisiozko infekzioen hazkundea eragozteko. 2022an 2.956 GIB (Giza Immunoeskasiaren Birus) diagnostiko berri jakinarazi ziren, eta zifra horrek beheranzko joera islatzen badu ere, “jaitsiera hori azkartzea behar dugu”, azaldu zuten Ministeriotik.