Ostegun honetan arratsaldean, herritarrekin batera, Txirikorda proiektuaren inaugurazioa festa giroan egingo da. Izan ere, Usurbilgo belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa martxan dago honezkero.

16 bizilagunekin abiatu da proiektu hau: hamabi gazterekin eta lau heldurekin. Izan ere, herriko bi kolektibo elkartzen dira etxebizitzan: 18 eta 30 urte bitarteko gazteak eta 65 urtetik gorako helduak.

Etxea

Guztira, 16 etxebizitza edo apartamentu txiki ditu: bi logelako lau etxe, eta logela bakarreko hamabi. Oraingoz, hamahiru etxe bete dira: bi logelako hiru etxe eta logela bakarreko hamar. Gaur egun, hiru apartamentu hutsik daude, helduentzat gordeta. Horiek betetzeko aukera emango du Udalak. Ostegun honetan zabaldu zen izena emateko epea eta ekainaren 10era, hau barne, irekita egongo da. Interesa dutenek udaleko erregistroan egin beharko dute eskaera. Ondoren, udaleko gizarte zerbitzuen sailak helduen etxebizitzak eslei-tzeko prozedurari jarraituko dio, alegia, baremazio bidezko puntuazioa gauzatzeari.

Gainera, Txirikordako bizilagunek elkarbanatuko dituzten espazio komunitarioak honakoak dira: sukalde-jangela, egongela, terraza eta arropa garbitzeko espazioa. Horrez gain, Txirikordako bizilagunek ez ezik auzotarrek eta herritarrek erabili ahal izango duten erabilera anitzeko gela bat ere badute.

Agurtzane Solaberrieta Mesak, Usurbilgo alkateak, aste honetan egindako aurkezpenean gogorazi zuenez, Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioak 2019an egindako parte-hartze prozesu batean du jatorria.

Kolektiboak

Prozesu horretan, egungo etxebizitza ereduaren arazoak azaleratu ziren, eta fokua, batez ere, gazteengan eta adineko pertsonengan jarri zen: “Gazteek emantzipatzeko zailtasunak dituzte, eta helduek, maiz, bizitzeko toki egokiak falta dituzte, eta zenbait kasutan, bakardadeari aurre egin nahi diote”. Hala, bi kolektiboak elkartu eta izaera publiko-komunitarioa izango duten etxebizitzak irudikatu zituzten.

Udalak inbertsio handia egin du Txirikorda gauzatu ahal izateko. Guztira, 2,4 milioi euro inguruko inbertsioa izan da. Eusko Jaurlaritzak 640.000 euroko dirulaguntza eman zion proiektuari.