Ostiral honetan gauez, Murumendiko Mari Beasainera jaitsiko da, 1990etik geroztik gertatzen den bezala, Loinatz jaiei hasiera emateko. Ohikoa denez, iluntzean Loinazko San Martin plaza jendez beteko da, Arrano Elkarteak herriko beste erakundeen laguntzarekin antolatzen duen ekitaldi honetan parte hartzeko edo hura ikusteko.

Mari

Beste behin, Mari Beasainera hegan iritsiko da, suan erreko da eta, berpiztuta, Udaletxeko balkoira aterako da pregoia irakurtzeko. Dantza, musika eta antzerkia biltzen dituen emanaldi honekin, festa lehertu egin da herrian. Gainera, ostiral honetaz gauez, lehen aldiz, ekitaldi ikusgarri hau sare sozialen bidez zuzenean emitituko da, Udalaren Youtube kanaletik hain zuzen.

Hasiera

Nabarmentzekoa da, hala ere, jaien hasiera ofiziala 18.00etan iritsiko dela, haurren danbatekoarekin. Aurten Andramendi ikastolakoek Bareak elkartearen lagun-tza izango dute, honen hogeigarren urteurrena betetzen da eta.

Gaur egun Beasaingo jai garran-tzitsuenak badira ere, ez dago argi horien jatorria zein den. Aurtzaka dantza taldeko Xabier Garmendiak azaldu duenez, badirudi mende batzuk atzera Loinazko Ama Birjinaren ermitan azoka bat egiten zela eta, segurtasun kontuak zirela eta, hura herrigunera eramateko agindua iritsi zela. Azoka antola-tzen jarraitu zen eta, horren inguruan sortzen zen festari egunak gehitzen joan zitzaizkion, gaur egun ezagutzen diren festak sortu arte.

Beasaingo Loinatz Jaiak Javi Colmenero

Bestalde, jatorriz Asentzio jaiak zirenez, Loinatz jaiek ez dute data zehatzik. Izan ere, Asentzio eguna Pazko igandetik 40 egunera ospa-tzen da, beti osteguna delarik, eta Beasaingo festa hauek hurrengo egunean hasten dira. Beraz, Loinatz jaiak maiatza hasiera eta ekaina hasiera bitartean ospatu daitezke.

Jai guztiek bezala, Loinatzekoek ere badituzte bere gauza kutunak. Adibidez, ekitaldi askotan Beasaingo Martxa jotzen da, hala nola, erraldoiekin edo danborradan. Martxa horrek 100 urte bete zituen 2023an, Ramón Aranburuk sortu baitzuen 1923an, hil baino hilabete batzuk lehenago. Gainera, 1979an Andoni Sarriegik euskarazko letra sortu zion.

Bereizgarria da, halaber, 2015era arte dantza-maixu bat zegoela, ezpata-dantza eta soka-dantzako dantzariak prestatzeko. Urte horretara arte Paxatxo aritu zen horretan (eta aurretik bere aita), gero testigua Aurtzaka taldeari emanez. Paxatxo 2021ean zendu zen, eta 2022ko Loinatz Jaietan bere omenezko dokumental bat estreinatu zen.

9 egunetako jaiak

Hainbeste urte eta gero, tradizio luzeko ekitaldi ugari dituzte Loinatz jaiek. Adibidez, larunbatean danborren soinuak herriko kaleak beteko ditu. Bai haurren-danborradak, bai helduenak jotzen dituen abesti guztiak Beasainen sortu dira garai desberdinetan, eta duela urte batzuk Pello Irizarrek danborradarako egokitu zituen. Gainera, berri batzuk sortu zituen.

Mutil kuadrila bat Loinatz jaietan E.Cáceres Ayestaran

Igandean, ordea, Udalbatzak sokadantza egingo du plazan, eta egun osoan zehar hainbat ekitaldi egongo dira. Hala ere, beasaindarrek indarrak hartu beharko dituzte, izan ere, astelehena eta asteartea dira jaietako egunik garrantzitsuenak.

Alde batetik, astelehena koadrilen eguna da. Gainera, goizean prozesioa egiten da Andra Mari parrokiatik San Martin parrokiara, ezpata-dantza lau aldiz egiten delarik, tradizioak horrela agintzen baitu. Bandera-dantza egiten da ere. Gaur egungo banderazalea Patxi Etxeberria Mendia da, abizen horretako banderazaleen ohiturari jarraipena emanez.

Asteartea, aldiz, baserritarren eguna da, azoka berezi batekin ospa-tzen dena. Bertan egiten da, halaber, haurren soka-dantza. Arratsaldean, berriz, helduen txanda da soka-dantza egiteko.

Repetizioak

Bi egun lasai eta gero, Loinatz jaiak repetizioak bezala ezagutzen den asteburuarekin bukatzen dira. Larunbat horretan ospatzen da mozorroen eguna, Beasaindik kanpoko pertsona gehiago erakar-tzen dituen ekitaldia. Horren jatorriari dagokionez, Garmendiak dio etxean entzun duela elkarte gastronomikoek larunbat batean danborrada antolatzen zutela, gauza formala bezala, eta hurrengo larunbatean serioa ez zen mozorro desfile bat. Urteekin desfile hura egiteari utzi bazitzaion ere, mozorroen festa antolatua ez zegoen zerbaitean bihurtu zen.

Bukatzeko, igandean, Ostadar dantza taldeak antolatutako Beasaingo XXII. Dantza Topaketa burutuko da.

Beraz, ostiral honetan hasi eta bederatzi egunez, beasaindarrek beren jaiez disfrutatuko dute, adin guztietako bizilagunek goza dezaten antolatutako ekitaldi mordoen eskutik.