Amaiurko Errekattipin sorlekua duen Bidasoa ibaiak 67 kilometro ditu. Hori da, gutxi gorabehera, Hondarribia eta Amaiurren artean dagoen distantzia Orain, ordea, bi udalerri hauek elkarrengandik askoz hurbilago daude, larunbat honetan kostaldeko hirian egin den senidetze-ekitaldiaren ondoren.

2024 honetan Hondarribiak Nafarroako erresuma izateari utzi zionetik 500 urte bete dira. Horren arira, Udalak Azken gaztelua, azken Portua. Hondarribia, Nafar erresuma 1524-2024 ekimena antolatu du Amaiurrekin batera. Izan ere, duela bi urte Nafarroako herri horretan ospatu zuten urteurren hura, bertako azken gazteluko borroka gogoratuz. Oraingo honetan, hondarribarrei tokatu zaie, eta larunbat honetan egin daen ekitaldia oso berezia eta zirraragarria izan da.

Elizako kanpaiek eguerdiko hamabiak zirela iragarri baino lehen, Igor Enparan Hondarribiko alkateak eta zinegotziek, Kemen Dantza taldearekin batera, harrera egin diete Amaiur eta Baztango alkateei Zumardiaren inguruan. 

Ondoren, Udaletxeko areto nagusira joan dira elkarrekin, non Hondarribiko zein Amaiurreko bizilagun ugari bildu dira. Hitza hartu duen lehena Enparan izan zen. Gertaera historikoen berri emateaz gain, Hondarribiko alkateak azaldu du iraganean bi udalerriak askotan egon direla elkarrekin: “Bi herrien artean gaur egun dagoen lotura soziala ez da mende batzuetan zegoen batasun hura, eta nahiz eta kultura eta ohitura partekatu lotura hori egitea falta zaigu”. 

Horretarako bide batzuk aipatu ditu, hala nola, kirola, Hondarribian jokatu izan zen eta Baztanen oraindik dirauen laxoa aipatu duelarik; euskara eta naturarekiko zaintza. Era beran, Enparanek senidetze honen helburu nagusia bi herrien arteko lotura saretzea dela esan du: “Balio dezala gaurkoak ere benetako lotura lanak egiteko eta etorkizunean Amaiur eta Hondarribiaren arteko harremanaz harro sentitzeko”. 

Bestalde, Fernando Anbustegi Baztango alkateak esan zuenez, ”500 urteren ostean berdin mantendu dugu gure kultura, gure hizkuntza eta gure nortasuna, nafarren bereizgarri ohi den burugogortasunari esker. Beraz, guztioi burugogoatsun hori mantentzera animatzen zaituztet”. Senidetza-ekitaldia “ederra” izan zela esan zuen ere, eta horrek fruitu geihago emango dituela espero duela. “Gaurko ekitaldia izan daiela etorkizuneko lehena”, bukatu zuen.

"Herri izaera"

Azkenik, Ixabel Aleman Amaiurko alkateak historiak jarri dizkigun mugak “hor daudela” aipatu zuen, baina nabarmendu nahi izan zuenez “euskal erakundeetan gaudenok gure herri izaera eta lurraldeen arteko loturak sendotzeko ekimenak bultzatu behar ditugu”. Horren adierazle gisa, honako hau esan du: “Errekattipi, Xorroxin, Baztan, Bidasoa ibaia; mendiko herria, itsas herriarekin; Amaiur herri ttikia, Hondarribia herri handiarekin herri senidetasun hitzarmen hau sinatuko dugu gaur”.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi izan ditu Amaiurreko biztanle guztien izenean. “Zuen itsasoko kresalek goxatzen gaituen bitartean, gure goiko mendi larretan sortutako ur gardena edaten segi dezazuela”, amaitu zuen. Ondoren, hiru alkateek senidetze-akordioa sinatu zuten.

Ekitaldi instituzionalaren ondoren eguzkia zeruan distiratsu agertu denez, herri-ekitaldia Arma Plazan egin ahal izan da. Horraino igo dira dantzariak, txistulariak eta ordezkari politikoak, eta bertan Kemenek beste emanaldi bat eskaini du.

Beranduago Hondarribiko eta Amaiurko abesbatzen txanda izan da. Eszenatoki baten gainean hainbat abesti kantatu dituzte, batzuk denak batera eta beste batzuk, bakarka.

Haizea eta euria hasi arren, emanaldia ez da bertan behera geratu, ezta senidetzeari amaiera emateko aurreikusia zegoen bi udalerrien artean harri bana elkarbanatzea.