Gaurtik aurrera eta mugarik gabe, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) patinete elektrikoak debekatu egingo ditu, garraio publikoaren Mugi sistema osatzen duten ibilgailuetan bidaiatzen duten pertsonen mesedean, segurtasun-arrazoiengatik.

“Mugikortasun elektrikoko elementu horiek azken urteotan eragindako suak, keak eta gailuen baterien deflagrazio txikiek ekarritako kalte fisiko eta material larrien ondoren, erabaki hori hartu behar izan dugu nazioartean, estatuan eta, ondoren, autonomia-erkidegoetan zabaldu den debeku-korronteari jarraituz”, azaldu du Azahara Domínguez GGLAko presidenteordeak.

Lurraldebus, Dbus eta Mugiko gainerako operadore lokalek osatzen duten Batzordeak emandako debeku hori indarrean ezartzeko, kontuan izan da aldez aurretik Euskotrenek eta Metro Bilbaok hartutako erabakia eta, ondoren, Arabako eta Bizkaiko Diputazioek ere halaxe egin zutela euren zerbi-tzuekin. Debeku horrek ez die eragingo mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuei (MUP), ez eta bizikleta elektrikoei ere, horientzat egungo araudiari eutsiko zaiolarik. Eta bere horretan mantenduko da, harik eta patinete elektrikoen fabrikatzaileek produktu horiei “gaur egun antzeko elementu elektronikoak dituzten eta arrisku-egoera horiek saihesten dituzten beste produktu batzuen antzeko homologazioak eta segurtasun-neurriak” ezarri arte.

GGLAk gogora ekarri nahi izan du bestelako muga batzuk ere badaudela txakurrak Mugiko garraiobideetara sartzeari dagokionean. Beti muturrekoarekin eta uhalarekin bidaiatu behar dute, eta bestela, ontzietan, poltsetan edo edukiontzi egokietan eraman beharko dira. Gainera, animalia horien jabeek eran-tzukizun zibileko asegurua izan beharko dute.

Gida-txakurrei dagokienez, makilaren antzeko mugikortasun-elementu lagungarritzat hartzen denez, horrelako txakurrak erabili behar dituzten pertsonek, abonurik ordaintzen ez duen beste laguntzaile batekin ere bidaiatu dezakete.

Kopuru murriztuta

Era berean, ibilgailuetan bidaiatu ahal izango duten scooter, haurrentzako bizikleta, monoziklo eta erosketa-orga kopurua ere murriztu egin da. Scooterrak ez daude inola ere debekatuta, eta, lehentasunari dagokionez, haurren aulkiekin parekatzen dira; beraz, lehentasuna izango dute gurpil-aulkiek scooter-en aurretik, eta azken horiek bizikleten aurretik.

Haurrentzako bizikletei dagokienez, bizikletatzat hartzen dira bai adingabea bai heldua bizikletaz doazenean, eta fardeltzat, berriz, heldua bizikletarik gabe doanean.

Monozikloei dagokienez, bizikleta tolesgarriekin parekatzen dira eta, ondorioz, fardeltzat hartzen dira.

Azkenik, erosteko esku-orgei dagokienez, gehienez lau esku-orga onartzen dira, autobusera gutxienez gurpil-aulki bat, haurren aulki bat edo bizikleta bat sartu ahal izatea bermatzeko. Azkenik, argi utzi nahi izan da debekatuta dagoela haurrentzako kotxetxoak edo aulkiak sartzea, baldin eta etxeko animaliak, panpinak eta antzekoak eramaten badaramatzate.